XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II.- OSPAKIZUNAREN BETIKOA

A) HASIERAKO OHIKUNEAK

60. Herria batzarrean bilduta dagoelarik, zuzendaria bere tokian jartzen da, lehen esan bezala (5-6. zenb.).

Sagrarioan Sakramentu guztiz santua balego, belaunikatuz egingo dio agurra.

Ez balego, buru-makurketa egingo du; ez dio, ordea, behin ere aldareari muin egingo.

Jai-giroa sortzeko eta denen parte hartzea laguntzeko, liturgialdiari dagokion kantu bat abes daiteke.

61. Kantua bukatu ondoren, zuzendariak esaten du: Aitaren, eta Semearen, eta... Guztiek aitaren egiten dute eta Amen erantzuten.

Gero zuzendariak, diakonoa bada, batzarkideak agurtzen ditu Jauna zuekin, edo Jesukristo gure Jaunaren grazia..., edo beste liturgi agurren bat esanez.

Denek Eta zure espirituarekin erantzuten dute.

Zuzendaria laikoa bada, berriz, batzarkideak Jainkoa bedeinkatzera gonbidatuz agurtzen ditu, Elizkizun Liburu honetan bere lekuan ematen diren esaldietako batekin (ikus 86. zenb.).

62. Zuzendariak batzarrari ospakizunean sartzen lagunduko dion oharpen labur bat egin dezake eta parrokoak egun hartan Eukaristia ospatzen dueneko kristau-elkartearen aipamena egin diezaieke batzarkideei.

Ondoren, damu-otoitzari hasiera ematen dio, bere lekuan adierazten den eran, edota Meza Liburuan aurki daitekeen beste zenbait damu-otoitz era erabiliz; eta barkamen-eskariarekin bukatzen du.

63. Gero zuzendariak Egin dezagun otoitz esaten du.

Guztiek, unetxo batean, isilik, otoitz egiten dute.

Eta ondoren zuzendariak, besoak zabaldu gabe, egunari dagokion otoitza esaten du.

Bukatzean, herriak Amen erantzuten du.